Eduardo Chillida

SARRERA

chillida_retrato.jpg







Eduardo Chillida 1.924.eko urtarrilaren 10ean jaio zen Donostian. Futbolera dedikatzeko asmoarekin, 18 urte zituela Real Sociedad futbol taldean atezain bezala hasi zen, baina belauneko lesio bat eta bost ebakuntza jasan ondoren futbola utzi behar izan zuen. Eduardo Chillida honela mintzatzen zen futbolari buruz: “ataria futbol zelaiaren hiru dimentsiotako gunea da, futbolaren fenomeno konplexuak gertatzen diren gunea. Geometriarekin zerikusia duten gauzak atarian gertatzen dira, atezainaren inguruan.”

1.943an Madrilera joan zen arkitektura ikasketak egitera, baina 1947an bertan behera utzi zituen, eskultura bere benetako pasioa zela konturatu zenean. Bere lehenengo eskultura lana 1948an egin zuen, igeltsua erabiliz. Ondoren, beste hainbat material erabili zituen bere lanak egiteko: burdina, granitoa, zura, hormigoia, terrakota, alabastroa edo altzairua.


1.954an Arantzazuko basilikaren ateak egin zituen burdina erabiliz. Urte berdinean bere lehenengo erakusketa egin zuen Madrilen, eta geroztik hainbat arrakasta lortu zituen bere bizitza eta iharduera artistikoan zehar. 1954. urtean, New Yorkeko Guggenheim Museoak artistak burdinez egindako Barrutik lana eskuratu zuen. 1.958an Veneciako Bienalean Nazioarteko Eskultura Sari Nagusia irabazi zuen.

chillida_peine2.jpg

1.987an Asturiaseko Printzearen Saria irabazi zuen Arte modalitatean eta 1.994an Real Academia de Bellas Arteseko ohorezko kidea izendatu zuten. 1.999an Guggenheim Bilbao Museoan bere iharduera artistikoa azaltzen zuen erakusketa bat antolatu zen, hainbat eskultura eta marrazkiz osatuta.

chillida_papereanElogio_del_agua_.jpg











Chillidak ere marrazkia, collagea eta teknika grafikoak bezalako teknikak landu zituen bere arte adierazpenetan.


chillida_Elogio_al_Hierro_III-1.jpg












2.000. urtean Bilbok omenaldi bat eskaini zion Chillidari.
Urte honetan, Bilboren 700garren urteurrena ospatzeko Chillidaren
Burdinaren gorespena III lana Plaza Biribilean kokatu zen.



chillida_chillidaleku1.jpg

2.000. urtean Hernanin Chillida-Leku izeneko museoa inauguratu zuen artistak. 12 hektareako azalera duen museo hau XVI. mendeko Zabalaga baserriaren inguruan dago. Chillidaren lanak Zabalaga baserriaren barnealdean eta inguruko parkean zehar erakusten dira, naturarekin bat eginik. Eduardo Chillida 2.002.eko abuztuaren 19an hil zen Donostian.

CHILLIDAREN LANA ETA INGURUNEA

Chillidaren lanak mundu osoko hainbat herritan daude ikusgai: Estatu Batuak, Frantzia, Espainia, Japonia, Corea, Finlandia, Alemanian... eta nola ez, Euskal Herrian.

1.977an Haizeen Orrazia lan famatua egin eta Donostiako itsas ertzean kokatu zuen Chillidak. Lan honekin, naturako elementuak diren haizea, itsasoaren olatuak edo harkaitzekin harreman zuzena proposatzen du artistaren lanak. Aldi berean, lan honen bitartez, bere herriari, Donostia eta Euskal Herriari, omenaldi bat eskaintzen dio artistak.

chillida_peine4.jpg

chillida_peine3.jpg








Haizeen Orrazia eratzen duten hiru eskulturak elkarri begira kokatuta daude. Harriari lotuta, hiru forma hauek horizontea dute mugan. Horizontea edo muga, artistaren lanetan etengabe agertzen den espazioaren kualitatea da.

Chillidaren lanek arazo honi aurre egiten diote beti: formen antolaketa espazioan. Euskal eskultorea maisu handia da arazo hori ebazten. Bere lanetan, eskulturen kanpoko espazioa, hau da, eskultura inguratzen duen espazioa, eta barneko espazioa, eskulturaren barnean sortzen den espazioa, harremanean daude beti. Espazio hutsak eta espazio beteak garrantzi nabarmena dute Chillidaren eskultura lanetan.


chillida_museo-bellas-artes-bilbao3.jpg
Topaguneak IV. Eduardo Chillida. 1.973 Hormigoia. Arte Ederren Museoa, Bilbo.
"Artearen gakoa ez dakizuna egitean datza, egiten dakizuna egina baitago jada.
Dakizun gauza egitea denbora galtzea da.”
Eduardo Chillida. Donostia, 1.924 - 2.002
chillida_gureaitarenetxea2.jpg
Gure aitaren etxea. Eduardo Chillida. 1.987 Hormigoia eta altzairuzko eskultura. (780 x 1.820 x 1.640 cm) Gernika
Eskultura hau Gernikako bonbardaketan hildakoen omenez egin zuen Chillidak. Eskultura honetan ere, artistak barneko eta kanpoko espazioaren arteko elkarrizketa lantzen du. Barnealdean kokatutako eskultura txikia handiaren kontrapuntua da. Ikuslea eskulturaren inguruan mugitu daiteke, lana bere osotasunean ulertzeko.

Chillidaren lan handiek paisaia, arkitektura eta hirigintza baldintzatzen dute, aztertutako lanetan ikusi dugunez. Bere lanak hirigintzan duen eragina Gasteizen dagoen Foruei monumentua lanean argi ikus dezakegu.

chillida_forueimonumentua.jpg
Foruei monumentua. Eduardo Chillida. 1.980
Hormigoia altzairuzko eskulturarekin. (8000 m2) Foruen plaza, Gasteiz
.

Labirinto baten antza duen lan hau euskal independentziaren izpirituari omenaldi bat da. Lana inguratzen duen harrizko hesia, barnerantz eramaten duen eskailera batek eteten du. Barnealdean, besoak elkar loturik dituen altzairuzko eskultura bat dago (eskuineko irudia). Lanaren sendotasunak giza izpirituaren indarra iradokitzen digu.

chillida_forueimonumentua2.jpg








Foruei monumentua. (xehetasuna).


Gijoneko itsas ertzean kokatuta dagoen eskultura hau Kantauri itsasoari begira dago. Eskulturaren forma bertikalek, zeruari orientatua dagoen forma biribildu bat dute gainean. Neurri handiko lan hau eta paisaia naturalaren artean harreman oso estua sortzen da. Bertara hurbiltzen diren ikusleak eskulturaren inguruan, kanpoan edo barnean mugitzen dira, itsasoa, zerua eta horizonteak lanaren parte garrantzitsu bezala jokatzen dutelarik. Chillidaren lan honetan ere argi ikus dezakegu espazio beteek eta espazio hutsek duten garrantzia, bi espazioen arteko muga eskulturaren formek iradokitzen dute.

chillida_elogiodelhorizonte1.jpg
Horizontearen gorespena. Eduardo Chillida. 1.990 Hormigoia. (1500 x 1200 x 1000 cm.) Santa Catalinako itsas ertza, Gijon.
chillida_elogiodelhorizonte3.jpg









Chillidak ez ditu inoiz bere lanetan
materialen ezaugarriak ezkutatzen.
Eskultura honetan, beste askotan bezalaxe,
materialaren ezaugarriak agerian daude.


ZABALAGA - CHILLIDA LEKU

Eduardo Chillida eta Chillida-Leku museoaren web gunean, www.eduardo-chillida.com/museo.htm, era honetan agertzen zaigu Chillida-Lekuri buruzko informazioa:

Donostiatik 10 kilometrotara dagoen XVI. mendeko Zabalaga baserria aukeratu zuen Chillida eskultoreak bere lana ikuslegoari erakusteko. Chillidak ez du Zabalaga baserria berritu, baserria hustu egin du, baserriaren barneko espazioa eskultura bilakatuz. Baserriaren barnealdea arkitektura izatetik eskultura izatera pasatu da (pentsatzeko eta gure ingurua sentitzeko espazioa).

chillida_chillidaleku5.jpg










12 hektareako parke batean altzairu, alabastro, granito, eta beste materialeko artistaren hainbat eskulturaz goza daiteke. Zabalaga Chillidaren beste ingurune eskultoriko bat da, Gijoneko Horizontearen gorespena lana bezala. Museoa Donostiatik 5 minututara dago, Hernanin, eta 2.000ko udan inauguratu zen. Zurezko egitura bistan duen Zabalaga baserria Chillida-Lekuren erdigunea da. Museoak neurri handiko hogeitamar bat lan biltzen ditu zuhaitzez osatutako parke batean.

chillida_chillidaleku2.jpg
Barnealdean eskulturak nahiz paperean egindako lanak ikus daitezke. Chillidak urtetan gorde du bilduma hau bere jaioterrian ikusi ahal izateko. Museoak eskultorearen dokumentazio eta bibliografia osoa eskaintzen du baita ere.
chillida_chillidaleku4.jpg